PETRONOR HIZTEGIAREN PROIEKTUA

Aurkezpena

Petronor Hiztegia petrolio- eta gas-sektoreari dagokion hiztegi espezializatua da. Sektore horretan, etengabe sortzen dira termino berriak, eta, gure eguneroko lanean, argi ikusi dugu haiek jaso eta aztertzeko beharra. Horregatik, Petronorrek Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateko terminologia-adituen aholkularitzapean, hiztegi hau sortu du. Gure lanean erabiltzen ditugun terminoak lau hizkuntzatan jaso, eta gizartearen esku jarri ditugu.

Hizkuntzak egoki kudeatzea eta erakundeak estrategia linguistikoa jardunean txertatua izatea giltzarriak dira lehiakortasunerako, bezeroengandik gertuago egoten laguntzen digutelako. Helburu horri begira, Petronorren hizkuntzak egoki kudeatzeko, urrats garrantzitsua da gure sektorearen terminologiaren kudeaketa gauzatzea.

Era berean hiztegi honek euskararen normalizazioan lagundu nahi du eta horretarako sektore honetako euskarazko terminologia ekarri dugu beste hizkuntzekin batera.

Hiztegi honen bidez, petrolio- eta gas-sektoreko terminologia eleaniztuna bildu dugu, alor horretan dabiltzan enpresek, profesionalek eta adituek dituzten terminologia-beharrei erantzun bat emateko asmotan.

Hala, petrolio- eta gas-sektoreko erabiltzaileen komunikazio-beharrei era erraz eta eraginkor batean erantzuteko sortu dugu Petronor Hiztegia. Bertan, petrolio- eta gas- sektorean erabiltzen diren 1.500 kontzeptu jaso ditugu, lau hizkuntzatan (ingelesa, euskara, gaztelania eta frantsesa) eta horietatik 300 kontzeptuk definizioak dituzte euskaraz eta gaztelaniaz. Kontzeptu horiek guztiak petrolioaren eta gasaren alorretan sailkatuak daude.

Petronorreko eguneroko lanean bezeroarekiko harremana eta komunikazioa hobetze aldera lagungarri izango zaigulakoan, sortu dugu baliabide hau. Bide beretik, hiztegi berri hau gure sektorearen erakusleiho eta informazio-iturri bihur dadin, gizartearen eskura uzten dugu.

Gure proiektuari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, idatzi petronorhiztegia@elhuyar.eus helbidera, eta lehenbailehen erantzungo dizugu.

Hiztegiaren helburua eta ezaugarri orokorrak

Petronor Hiztegiari ekitean, helburu bat genuen: petrolioari eta gasari buruzko oinarrizko terminologia fidagarri, landu eta eguneratua eskaintzea modu zehatz eta argian.

Hiztegi honek Petronorren erabiltzen dugun dokumentazioa du oinarri; horregatik, esan daiteke erabileran oinarritutako hiztegia dela. Eguneroko lanean erabiltzen ditugun terminoak biltzen ditu, eta alor honen inguruko zalantzak argitzen lagundu nahi du.

Petronor Hiztegiak ezaugarri hauek ditu:

  1. Petronor Hiztegian, arlo horretako oinarrizko kontzeptuak bildu nahi izan ditugu. Hiztegiak 1.500 kontzeptu ditu, eta kontzeptu horiei dagozkien terminoak honela banatzen dira hizkuntzaren arabera:

    • Ingelesez, 1.872 termino

    • Gaztelaniaz, 1.672 termino

    • Euskaraz, 1.674 termino

    • Frantsesez, 1.784 termino

    • 300 definizio

  2. Kontzeptu eta termino horiek guztiak 21 arlotan sailkatuak daude:

    • Ekoizpena: zulaketa

    • Erregaiak

    • Fisika

    • Garraio-teknologia eta banaketa-logistika

    • Gas naturala

    • Geokimika / Kimika

    • Geologia

    • Hidrokarburoen esplorazioa

    • Hobiak

    • Ingurumena

    • Kudeaketa eta administrazioa

    • Orokorrak

    • Orokorrak: instalazioak / gailuak

    • Orokorrak: prozedurak / teknikak

    • Petrolioaren alternatibak

    • Petrolioaren fintzea

    • Petrolioaren industria

    • Petrolioaren konposizioa

    • Petrolioaren sailkapena

    • Produktuak

    • Segurtasuna eta giza-baliabideak

  3. Petrolio- eta gas-sektorean mundu mailan harremanak egiteko erabiltzen diren hizkuntzak (ingelesa, gaztelania eta frantsesa) euskararekin harremanetan jarri nahi izan ditugu. Horregatik, lau hizkuntzotako terminoak eskatuz egin daiteke kontsulta hiztegian.

  4. Gaur egungo hiztegien joera kontuan hartuz eta Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateko I+G sailean garatu ditugun hiztegigintza-arloko teknologiak aplikatuz, hiztegi erabilgarri eta erakargarri bat sortu nahi izan dugu.

Hiztegigintza-lana

  • Kontzeptuak hautatzea: Petronorren dokumentuak, prozedurak, txostenak… erabili dira hiztegi hau osatzeko.

  • Kontzeptuak lantzea: Elhuyarreko terminologia-lantaldea arduratu da kontzeptu bakoitzaren terminologia, arloa eta definizioa lantzeaz. Lan horretarako, hainbat kontsulta-iturri erabili dira.

  • Prozesu guztia Petronorreko adituek gainbegiratu dute.

Lantaldea

ZUZENDARITZA ETA KOORDINAZIOA:

  • Petronor

ZUZENDARITZA TEKNIKOA (Elhuyar):

  • Garbiñe Alkiza

ERREDAKZIOA (Elhuyar):

  • Garbiñe Alkiza

  • Antton Gurrutxaga

ADITU-AHOLKULARIA:

  • Elias Unzueta Petronor

HIZKUNTZA-ITZULTZAILEAK ETA ZUZENTZAILEAK:

  • Ane Goenaga Elhuyar

  • Amaia Astobiza Elhuyar

LAN INFORMATIKOA:

  • Iker Manterola Elhuyar

  • Mari Susperregi Elhuyar

DISEINU INFORMATIKOA::

ITURRIAK: